XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

KONZILIO GAIAK.

ELIZA, bide-gurutzean
Bukatu zan konzilioa.

Egia esan, dardara batean euki gaitu azkeneko lau urte auetan.

Elizaren aggiornamento hori zala ta, zenbat ideia berri, zenbat asmo, zer aldatu-naia somatu da bazterretan!.

Ba zirudian goiak bea jo bear zuela Elizan.

Lan ikaragarria burutu da.

Or daude, siñistamendutzat, Konzilioak argitara eman dituen agiri edo gutunak: Liturgiaz, Elizaz, Errebelazioaz, Ekumenismuaz, beste erlijioen alderakotzat izan bear ditugun uste eta sentimenduez, erlijio-askatasunaz, ta abar, ta abar.

Danera: 4 Konstituzio, 3 Deklarazio eta 9 Erabaki edo Dekretu.

Alako alkar aditu eziña, alkar konpondu eziña nabari zan pentsakera modernuaren eta Eliza Katolikoaren artean.

Frantziako Erreboluzioa ezkero, ainbeste ideia berri erne ta errotu dira sakonki gaurko munduan: adibidez, giza-eskubideak zaitu bear dirala, presunari itzala ta errespetoa zor zaiola, giza-kontzientzia beartzea ez dala zillegi, t. a..

Ideia oiek, nai badezu, kristau azitik eldu dira, baiña Europan jaio ziranean, jaio berri artan beintzat, Elizaren aurka eta Elizarekin burrukan azaldu ziran.

Eta ortik zetorren arestian esan degun elkar konpondu ezin hori.

Elizaren estrukturak ere gogortuxeak zeuden iraute ustez edo egonaren egonaz.

Eta adaptazio edo egokitze oiek egiteak beti ematen du min, eta kosta egiten da.

Gaiñera, gaur mundua txiki biurtu zaigu.

Ez da lehen bezela.

Beiñola, bakoitza bere txokoan sarturik bizi zan, beste lurraldeen berri jakin gabe.

Orain, berriz, artu-eman estuak dira gizonen artean, eta errialde guztiak alako batasun batera daudela abiatuak esan genezake.

Jend'arteko lokarriak sendotu egin dira, eta amets bat bezela bederen, danok nai degu gizadia anaitasun ederrean bizi dedin, bakoitzak bere lagun urkoaren eskubideak zaitzen dituela.

Ortarako, ordea, guk kristauok eta katolikuok ere zertxobait ikasi bearra genuen.

Oituak geunden aurreko espaloian daudenak etsaitzat artzera, berezian bizitzera, baiña gaurko bizi-moldeak bereizte oiek danak austen ditu.

Beste talderietan ere doai onik eta ederrik ba dala ikusteko, alako begi berri batzuen bearrean giñan.

Ots, buru-idikiera bat bear genuen iñoren gauza onak aintzat artzeko.

Guzti au bearrezkoa zan, Elizak gaur gizadiaren batasun edo anaitasun orren alde zerbait sendo eta iraunkorrik egin nai bazuen.

Obra aundi hori burutu du Elizak Konzilioan.

Bere dogmatik eta oiñarriko gauzetatik ezertxo ere kendu edo ikutu gabe, gaurko giroak eskatzen zuen planta edo postura berria artu du.

Lan miraritsua izan da benetan.

Etorkizunerako ondore larriak ekarriko dituena.

Erreboluzio bat edo Estaduko kolpe bat zala ere ematen zuen bein edo beiñetan....

Eta gizonen artean beti gertatzen dan bezela, azaldu dira oraingo ontan ere neurriz kanpoko geiegikeriak eta seta txarreko alderdikeriak.

Alde batetik eta bestetik, noski.

Batzuk, alegia, Konzilioak irakatsi duena ez dute onartu nai.

Beste batzuk, berriz, Aita Santua baiño Aita Santuago izan nai lukete: ots, Konzilioa bera baiño aurrerago ta urrutiago joan nai dute.